2011-03-07

2011ko Anhauzeko ihauteriak

2011ko edizioa oso ederra izan da.
Ostiral arratsean Anhauztar ainitz gure beha bide bazterrean ikusi ditugu. Biziki kontent ginen.
Barkatu ez baizaituztegu abisatu Paxkal Indok su artifizialak bide bazterrean ezarriko zituela.
Horra berak hartu dituen argazki batzuk 3 egunez. Argazki gehiago ukanen ditugularik, abisatuko zaituztegu.


Etxeetan biziki untsa errezebituak izan gira. Aurtengo eske sistema gustukoa ukan dugu eta heldu den urtean berriz plantan emanen dugu.





90 anhauztarrek igande eguerdiko paella gozatu eta, dantzatu dute, musean ari izan eta arratsalde goxo bat pasatu.











Ondoko egunak artio !

2011ko Anhauzeko ihauterien antolaketa

2011ko Anhauzeko ihauteriak Otsailaren 25, 26 eta 27an iraganen dira.
Herriko salatik goizeko 9etan abiatuko gira.

Anhauzeko Joaldunak

2011ko hastapen honetan, joaldun taldeko gazteenek Anhauzeko joaldun taldea ofizialki sortzea erabaki dute. Horretarako, erosteko materiala hau da : joareak, ardi larruak, sokak, mozorroak, su artifizialak.
Freddy, Fabien, Céline, Beñat eta Intzak "Anhauzeko joaldunak" elkartea sortu dute.

Europako diru laguntza
Erosi behar den materiala kario delakoan, "Anhauzeko Joaldunak" elkarteak diru laguntza bat eskatu dio Europari.
Europako programa hori PEJA (Programme Européen Jeunesse en Action) deitzen da.




Gure laguntzaileak
Baionako "Direction Départementale de la Cohésion Sociale", Anhauzeko herriko etxea eta besta komitea gure laguntzaileak dira bai diru mailan, bai eta ere moralki.
Nafarroko Cencerros Apezetxea joare egileari joareak manatu nahi genioke.
Anauztarrak besta komiteak Apezetxeak galdeginen duen diru zama bere gain hartuko du "Anhauzeko joaldunak" elkarteak ordainduko diolarik diru laguntza jaso eta.
Herriko etxeak besta salaren ondoan den gela prestatuko dauku materiala gordetzeko.
Bere aldetik, "Anhauzeko Joaldunak" elkarteak xilintxadunek baliatuko dituzten xilintxa batzuk erosiko ditu. Elkarteko kideentzat asurantza bat hartuko du ere bai.
Azkenik, besta komiteari emeki emeki dirua ordainduko dio, urtean zehar eginen dituen ateraldiak salduz.
Anhauzeko Joaldunak Ipar Euskal Herriko ihauterietan eta beste gertakarietan (herriko bestak, festibalak, etab...) agertuko dira.
Adibide bat emaiteko, Europak materiala ordaintzen badu, heldu den uztailan Itsasuko Errobiko Festibalean agertuko da taldea.
Eta sustut, taldeak ZTK elkartearen Supitz ikusgarrian parte hartuko du, 2011ko agorrilaren 19an, Anhauzeko pilota plazan.

Europako joaldunak


Helduek ikasi digute joaldunak badirela Europako ihauteri ainitzetan, ondoko bideoek erakusten duten bezala :



Errealitate horretaz hobeki ohartzeko, 2010eko lehen asteetan, Kantabriko Molledo herriko Zarramacos eta Nafarroko Ituren ta Zubietako Zanpantzarren behatzerat joan gira .

Bi bisita horien ondotik, Anhauzeko joaldun gazteek deliberatu dute egiazko joaldun talde bat sortzea herrian. Oroitarazi behar da orain arte Amikuzeko Kilimon taldeak beren joareak tarteka prestatzen zaukutela.
Europako ihauterien tradizioak ezagutzeak lagundu gaitu Euskal Herriko ihauteriena hobeki ulertzen.
Gure ihauteri tradizioneak berriz asmatzeko askatasun oso bat ekarri gaitu.
Proiektu bat 2012ko ihauterientzat.

2012ko Anhauzeko ihauterietan, xilintxadun pertsonai bat sortu nahi ginuke, herriko neskek egingo luketena. Gure joareen soinuer, xilintxen soinuak juntatuko dira, xilintxak makiletan zintzilikatuko ditugularik.
Hori da proiektua, ea gauzatuko den ?

Anhauzeko ihauteriak 2010

2010eko Anhauzeko ihauteriak beste urteetan bezala joan dira : eurituak bezain arrakastatsuak.






Anhauzeko ihauteriak 2009



2009ko Anhauzeko ihauterietan Anhauzeko historiaz inspiratu gira. Gure mozorroen bidez, dantzatuz, kantatuz eta bertsuak emanez, historia eta ixtorio ttipiak itzuli nahi izan dizkiegu Anhauztarrer, Claude Lesgourgues jaunaren ikerketa lanak oinarritzat hartuz.
Anhauztar batzuer joalduna izaiten erakutsi diegu eta horrela gure joaldun taldea emendatu da, gure ostiraleko desfilea indartuz.